Episode Details
Back to EpisodesAraudiak ez dau atzerapenik aurreikusten eta Etxeberriak jokatzen ez badau, Altunak beteko leuke haren lekua
Published 8 hours ago
Description
Lau t'erdiko pelota txapelketako finala jokatuko da datorren domekan Bilboko Bizkaia pelotalekuan. Peio Etxeberria eta Javier Zabalak jokatu behar dabe final hori, baina gaur gaurkoz ez dago argi pelotari nafarrak jokatzerik izango dauen ala ez. Zauri txiki bat dauka ezker begian eta ez dau ondo ikusten begi horretatik. Barikuan zita dauka oftalmologoagaz eta Etxeberriak uste dau prest egongo dala domekako finalerako. Halandabe, aitortu dau ez dakiela zelan daukan begia. Ez da lehenengo aldia begian arazoak dituena, baina onartu dau aurrekoetan azkarrago joan dala errekuperazinoa. Araudiak ez dau atzerapenik aurreikusten eta Peio Etxeberriak ezingo baleu jokatu, Jokin Altunak beteko leuke haren lekua, finalaurrekoetan tanto gehien egin ebazan galtzailea izan zalako.
Pelota aukeraketeari jagokonez, Etxeberria zein Zabala konforme agertu dira otzaran aurkitutako pelotakaz. Halandabe, aurrelari nafarrak harridurea agertu dau otzaran hari baltzez jositako pelotak aurkitu izanagaitik, eta Martin Alustiza eta Mikel Urrutikoetxea hautatzaileengana jo dau bere pelota biak aukeratu ostean. “Txapelketa osoan ez dogu holako pelotarik aurkitu” esan dau Peio Etxeberriak. Javier Zabala, ostera, konturatu be ez da egin. Antza hari baltzagaz jositako pelota horreek besteak baino arinagoak ei dira.